XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELKARRIZKETA

Gabonak pasatzen kanpoko lagun asko egon da Aretxabaletan.

Hoien arteko bat Mercedes Altube mexikarra izan da.

Mexiko estatuko erdi-erdian bizi da, Querétaro hirian hain zuzen ere.

Mercedesek familiartekoak ditu Aretxabaletan, bere aitona, Julian Altube Arrazkarate, atxabaltarra gazte-gaztea zenean joan zen Mexikora, eta bertan ezkondu eta bizitzen gelditu zen.

Etxean moduan sentitu da hemen.

Euskal Herria bere bigarren aberria dela esaten du.

Mercedes Altube: Euskal Herria nire bigarren aberria da

Nolatan etorri zara hona gabonak pasatzera?

Alde batetik hemen ditudan familiartekoak ikusteko gogo haundia nuen.

Bestetik, gabonak nola ospatzen dituzuen ikusi gura nuen.

Orain aupair moduan Inglaterran nago eta aukera ezin hobea nuen ona etortzeko.

Lehenago ere etorrita zaude ezta?

Bai, orain dela sei urte etorri nintzen eta orduan bost urtetara ostera ere etorriko nintzela esan nuen, eta hala izan da.

Euskal Herriko leku asko bisitatu nituen orduan, Arrasate, Gasteiz, Zarautz, Getaria, e.a. Kurtzebarrira ere igo nuen.

Zer egin duzu hemen egon zaren egun hauetan?

Familiarteko guztiak bisitatu ditut eta berbetan aritu gara.

Txikiteoan, hortan ere aritu naiz eta hori bai erregina moduan jan dut hemen.

Oso ona da Euskal Herriko janaria.

Denetik jan dut gainera, angulak ere bai.

Hemengo zein janari gustatu zaizu?

Arraina asko gustatzen zait, kokotxak, angulak, e.a.

Baina orokorrean hemengo janaria dena gustatzen zait.

Errioxako ardoa ere bai.

Dagoeneko merkatua hain zabalik dagoenez Mexikon ere denetik aurkitu daiteke, patxarana ere bai.

Eta zuek zelan ospatzen dituzue jaiak Querétaron?

Abenduaren hasieran tamainu naturala duen jaiotza jartzen da Querétaro erdian dagoen parke batean.

Honez gain, festa asko egiten dira, bertako dantzak, abestiak, txontxongiloak, karroza desfilea, errege kabalgata, e.a.

Zer iruditu zaizkizu hemengo gabonak?

Antzerakoa da leku guztietan baina hemen lehenagoko ohiturak gorde egin dira.

Olentzerorena esaterako.

Tradizioak garrantzi haundia du.

Zelakoa da Querétaro zure herria?

Queretaroko klima epela da eta herria oso haundia eta industriala da.

Bi milioi biztanle inguru ditu.

Koloniala, espainiar eta euskaldun asko bizi da bertan.

Mexikoko kapitaletik 2 ordutara dago.

Euskaldun asko dago?

Bai, euskaldun asko dago Querétaron eta baita Mexikon ere.

Nire etxe ondoan esaterako Iker izena duen jantzi denda bat dago eta Alai izeneko jatetxea ere bai.

Ikurrinak ere han eta hemen ikusten dira, baita kotxe askotan ere.

Gaur egun zelako egoera bizi duzue han?

Lehendakari barria daukagunetik, Salinas de Gortari, pesoak izugarrizko debaluazioa izan du.

Dolarra oso altu dago Mexikoko pesoaren aldean, eta horregatik enpresa asko ixten ari dira.

Zer gurago duzu hango bizimodua edo hemengoa?

Oso desberdina da.

Mexikarrak oso patriotak gara.

Euskadi nire bigarren aberria moduan ikusten dut, nire familiartekoak hemen ditudalako.

Nire aitona ere hemengoa zen eta honen eragina beti nabarmendu izan da nire etxean.

Berriz etortzeko asmorik baduzu?

Bai, berriz ere etorriko naizela uste dut, ni gustora etortzen naiz hona.

Orain hemengo nire familiartekoei hara joatea tokatzen zaie.